XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bi aita. Bi ama

AZKEN urteotan, bereziki amaitzear dagoen 1994 honetan, estatu espainiarreko gay mugimendu osoa lesbianena barne, beste zeregin askorekin batera, jakina, legeak aldatzeko saiakeran aritu da, aukera sexualagatik inolako diskriminaziorik egon ez dadin.

Erreforma hauen artean oihartzun sozialik haundiena lortu duena bikote homosexualen eskubideak bermatzea bilatzen duena izan da, eta honen puntu bat izan da, era berean, ezbai gogorrena sortarazi duena: umeak adoptatzeko eskubidea, alegia.

Argi baino argiago ikusten dugu guk, inolako diskriminaziorik jasateko prest ez bagaude, ezta umeak adoptatzerakoan ere ez dugula onartuko.

Halere, badirudi gizartearen hainbat sailetan ez dutela arazo hau begi onez ikusten, edo guztiz aurka daudela.

Aurka dauden horiek (CONCAPA, Accion Familiar eta abarrei EAJ/PNV ere atxeki berri zaielarik) gehien erabili ohi duten argudioa rol baten faltarena izaten da: hau da, beraien ustez ume batek emozionalki orekaturik haz dadin aita eta amaren rolak behar dituenekoa.

Ez dut nik ukatuko bizi garen gizarte honetan ezberdina izatea problematiko bihur daitekeela, eta zentzu honetan irudi dezake hobe litekeela ume batek ama eta aita izatea.

Baina baieztapen honek oso eremu arriskutsu batera garamatza: alargun gelditzen diren aita edo amei kendu beharko genizkieke umeak?, eta ezkongabeko amei? zer egin beharko dugu elbarritu edo beste gutxituekin? eta zuriak ez direnekin?...

Seguraski familia tradizionalaren defendatzaile porrokatu horiek, ageriko kontraesanean eroririk, lehen galderari ezezko borobilaz erantzungo zenioke.

Besteei auskalo!

Edonola ere, nik ez dut zalantzarik.

Denok egin beharko genukeena ezberdintasunean berdin bizitzeko ahaleginak egitea da; hots, ondokoa den bezala onartu, eta ez baztertu gu bezalakoa edo guri gustatuko litzaigukeen bezala ez jotzeagatik.

Amaitzeko pare bat gauza aldarrikatu nahi nituzke lerro gutxi hauetan:

a) gero eta gehiago garela rolak gainditzearen alde gaudenok, honen ondorioz zer dagokion amari eta zer aitari esatea gero eta zailagoa delarik;

b) umeek behar dutena maitasuna dela.

Hau dela-eta nabaria da mila aldiz hobeto egongo litzatekeela ume bat elkar maite duten eta umea bera maiteko luketen sexu bereko bi lagunekin, etengabe gatazkan dauden edo umerik nahi ez duten senar-emazte batzuekin baino, edo, areago, administrazioaren egoitza batean baino.

Lasaitasuna, elkartasuna eta maitasuna arnasten diren giroan bizi behar du umeak traumarik eta desorekarik gabe hazteko, eta berdin dio etxe horretan bi andre, bi gizon edo gizon-andreak bizi diren.

IMANOL ALVAREZ

EHGAM-EKO KIDEA